HISTORIA
Mutrikun, 2002. urtea aurretik baziren jaietako kaleak alaitzen saiatzen ziren erraldoi eta buruhandi batzuk. Buruhandiak bai, beldur ikaragarria ematen zuten (Sorgina, Pailazoa, Otsoa eta Beltza "Kongitoa"), baina erraldoiek (Kantinflas, Marinela eta Sorgina) beren bidea eginez igarotzen zituzten Mutrikuko kaleak. Momentu horretan, udaletxeak Xiri Andonegiri erraldoi berri batzuk egiteko proposamena egin zion, eta honek onartu egin zuen. Udaletxetik, nahiz eta hasieran proiektu baten zirriborroa jaso, denbora bat pentsatzen eman ondoren, Xirik euskal mitologiarekin lotutako pertsonaiak egingo zituela esan zien.
Lan handia egin zuen erraldoiak diseinatzeko orduan, baina horretan bakarrik ez zen geratu buruhandi berriak ere egin zituen. Hortaz, pertsonaia berriak bakarrik ez zituen egin, euskal mitologiako bost pertsonaia (Sorgina, Ortzi/Urtzi, Mari, Akerbeltz eta 4 Galtzagorriak) jendartera atera zituen. Honekin aisialdiaz gain, jakituria sustatu zuen. Hori dela eta, 2003tik aurrera herritarron jaietako beste pieza garrantzitsu bat izan dira Sorgina, Oker, Urtzi, Alper, Mari, Txotxolo, Akerbeltz eta Txoro.
Halere, erraldoi eta buruhandien azpian jendea ibili behar denez, Xirik hori ere pentsatuta zuen, eta jende batekin harremanak egiten hasi zen. Tartean, Aitor Mutxurrekin ipini zen harremanetan eta Xirik lan bat bere esku utzi zuen; hau da, udaletxearekin eduki beharreko harremana mantentzea eta inauguraziorako lagun bateren bat aurkitzea. Orduan, 2003ko inauguraziorako, bakoitzak bere kontaktuak baliatuz, talde bat osatu zuten Xirik eta Aitorrek: Ramon Saenz, Gaizka Garagartza, Domeka Lasarte, Xabi Urkiza, Orlando Arreitunandia, Koldo Urkiza. Rafa Oinguren ere jakinaren gainean zegoen, baina lehenengo irteera horretan ezin izan zuen parte hartu. Malen Txiki eguna zen eta nerbioak begi bistakoak ziren talde sortu berrian, baina ederki gainditu zuten hasierako proba, nahiz eta batzuek lehenengo lesioak jasan zituzten. Horrez gain, Xirik, konpartsako kide bezala, hasieratik kontatu zuen Mutrikuko Txistulari taldeko kideekin, eta horiek ere hasieratik erakutsi zuten prestutasuna; besteak beste: Ainhize Azpiazu, Amaia Lekube, Garbiñe Garagartza, Egoitz Iñarrairaegi, Itziar Aranberri, Ioana Manterola, Aitzol Urkiza, Jon Lekube, Xabi Beristain, Oier Elezgarai eta Estibaliz Azkue.
Hurrengo urtera begira, Mutxurrek taldea sendotu behar zela eta, arraun taldeko lagun partehartzaileengana hurbildu zen. Bertan, Loren Elezgarai, Ritxi Gorostiaga eta Xabi Illarramendirekin batu zen, eta taldera gehitu ziren. Xiriren asmoa sasoian zegoen jendeaz gain, ahalik eta talderik zabalena, langileena eta anitzena sortzea izan zen. Garai horretan bertan, Orlando Arreitunandiaren ordez, bere anaia, Gorka Arreitunandia sartu zen. Beste herrietako erraldoiek dantzan ere egiten zutela ikusita, Rafa Oiangurenen papera oso garrantzitsua izan zen taldean. Bera dantzetako arduradunetako bat izanda eta alor horretan esperientzia handikoa izanik 2006 urte inguruan kideak ere dantza eta koreografia moldatuak ikasten hasi ziren. Lehenengo dantzak Bobo Dantza eta Axeri Dantza izan ziren, eta ondorengo gehienak ere euskal dantzen moldaketak izan dira. Hasieran kostatu zen arren, azkenean ondo moldatzea lortu zuten. Entseguak frontoian egiten hasi ziren eta hori izan da dantzak ikasteko tokia, pertsonaiak duten altuerarengatik.
2004. urtean buruhandietarako mutil gazte kuadrilla bat lotu zuten konpartsakoek. Sei mutil ziren buruhandiak hartzen zituztenak, eta beraien artean moldatzen ziren bakoitzaren ahaltasunaren arabera. Hasieran buruhandi barruan korrika ibiltzen ziren gazteak honakoak ziren: Hodei Hernandez, Asier Illarramendi, Igor Elezgarai, Unai Azkarate, Iñaki Iriondo eta Jon Landa.
Xiriren asmoa eta helburua hasieratik jaietan erraldoiak eta buruhandiak ateratzea eta beste herrietara eramatea zen, baina lehenengo urteetan ez zuten bigarren helburua lortu. Urteak aurrera joan ahala konpartsako kideak finean jarraitu zuten beraien lana egiten.
2009. urte inguruan Ritxi Gorostiagaren eta Gaizka Garagartzaren eskaerei jarraiki Erik Gorostiaga, Mikel Iñarrairaegi, Imanol Lekunberri eta Beñat Urkiza taldean sartu ziren. Taldeko beteranoak ordurako erreleboa eskatzen ari ziren eta laukote honek gustura hartu zuen erronka. Horiek zuzenean erraldoiak eramatera sartu ziren eta dantzan ikasteko orduan, bai Rafaren bai beste taldeko guztien laguntza izan zuten.
Ondorengo urteetan 12-13 lagunek jarraitu zuten konpartsaren parte izaten eta umeei jaiegunetan irriren bat ateratzeko motibazioarekin. Hala ere, 2011-2012. urtean benetako errelebo aldaketa etorri zen. Ordura arte buruhandi izan zirenak beraien lekua utzi eta erraldoietara pasatu ziren, baina beraien tokia jende berriarekin bete zen. Mutil gazte kuadrilla horretan Arkaitz Arrizabalaga, Gorka Zafra, Gorka Elezgarai eta Jon Linder buruhandietara sartu ziren, eta Eneko Elezgarai eta Fernando Rodriguez erraldoietara pixka bat beranduago. Bide berri honetan, bidelagun gehiago ere izan ditu konpartsak, nahiz eta puntuala izan, baina era berean garrantzitsuak: Eritz Egia, Imanol Urreizti, Jokin Lasarte, Eneko Goenaga, Yerai Flores eta Arantza Lasarte, Amaiur Aramaio eta Eider Ajuria.
Ordutik aurrera, Xirik eta Mutxurrek 2004. urterako batu zituen taldeko batzuk taldeko lehenengo lerroa utzi eta bigarrenera pasa ziren, baina oraindik ere hor jarraitzen dute. Mutxurrek ere taldearen administrazio lanak Mikel Iñarrairaegiren esku utzi zituen 2011. urte inguruan, baina honek ere hor jarraitzen du badaezpada. Xiriren buruan zegoen bigarren helburua, erraldoiak eta buruhandiak beste herrietara ateratzeko abentura, hasi dugu eta jarraituko dugu. Konpartsaren nahia ahalik eta plaza gehienetara joatea da taldeko erraldoiak ezagutarazteko. Oraingoz, Deba, Bergara, Orio, Donostia, Ondarroa bezalako herrietara iritsi da konpartsa, ea aurrerantzean zer aukera agertzen diren. Hala ere, gu kanpora joatea bakarrik ez, kanpotik ere etorri dira guri bistatzera, esaterako: Debako erraldoien konpartsa, Añorgako erraldoien konpartsa, Irurtzuneko Iskidi taldea eta Bartzelonako San Seloniko taldea. Bestalde, Xirik taldearen barruan giro ederra eta elkartasunezkoa egotea nahi zuen, eta, oraingoz, horretan ari gara.
Esan gabe ezin dira utzi, modu batera edo bestera, konpartsa honek izandako egiteko guztietan lagundu duten guztiak, besteak beste: Iñigo Andonegi, Belen Ozkorta, Balbanera Arinas, Mari Paz Urkiza… Eskerrik asko! Eta hemendik aurrera lagundu beharko diguten guztiei ere bai. Xirik hasieratik sinisten zuen, eta taldeak bere bidean ikasi du, erraldoi eta buruhandiak herri osoarenak direla eta guztiok zaindu, babestu eta lagundu dezakegula. Hortaz, konpartsako ateak irekita daude edonorentzat!
2025a atea joka dugun honetan gazteok ilusioz eta motibatuta gaude. Jende partehartzaile gehiago egongo balitz taldean askoz ere hobeto, baina dagoenarekin aurrera jarraituko dugu.
Mutrikuko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa honen biografia irekita dago, ea nolako bilakaera izaten duen. Denborak erakutsiko digu!
Hasierako beldurretik ondorengo irribarrera, gure motibazioa.
