BURUHANDIAK

Euskal Herrian beste izen batzuekin ere ezagutzen dira: Mamur, Mamarro, Prakagorri, Gaizkiñak, Mozorro, Bestemutillak, Farmerijaleak, Enemiguillos, Ximelgorri... Mutrikuko lau Galtzagorriek beraien izena dute: Oker, Txoro, Txotxolo eta Alper.
Leku askotan aipatzen da. Nafarroako lurraldean, Lesakan eta Leitzan;Bizkai aldean, Gernikan, Orozkon, Ziortzan eta Bedian; Araban, Abezian eta Añesen; Gipuzkoan, Albizturren eta Zarautzen. Behe Nafarroan eta Lapurdin ere agertzen da.
Galtza gorriz jantzitako gizontxo txiki-txikiak dira Galtxagorriak. Bizkorrak, biziak, onak eta jostalariak dira jeinu laguntzaile hauek. Jabeak orratz ontzi edo kutxatxo batean izaten ditu, eta bere esanetara daude edozein lanetan laguntzeko, lan hori sinesgaitza izanda ere. Bizileku duten orratz ontzia irekitzean, nagusiaren buru inguruan biraka hasten dira zer egitea nahi duen etengabe galdezka. Jabeak agindutako lanak egiten egoten dira gauez, eta, etxekoen pozerako, hurrengo goizerako amaituta izaten dituzte lanak. San Juan bezperako gauean, sasi baten gainean, orratz ontzia edo bestelako ontzi bat utziz gero, Galtxagorriak bertara etortzen dira, eta haien jabe egiten zara.
Igarleek, aztiek edo petrikiloek sinesgaitza den zerbait egiten dutenean, esan ohi da Galtxagorrien laguntza izan dutela.
Bideoa ikusgai: https://vimeo.com/73790556
Iturria: Koldo Alijostes Bordagarai
MARI

Euskal
Herrian Marik baditu beste izen batzuk: Mariburute,
Marimur, Mariurraka, Maruburrika, Anbotoko dama, Muruko damea, Aketegiko
sorgina, bideko emazte xuria, Arpeko saindua, Orhiko amandrea, Maia.
Euskal mitologiako jeinu garrantzitsuena da Mari, beste jeinu guztien buruzagia edo nagusia. Lurraren pertsonifikazio andrazko hau, jaungoiko zerutiarrak eta kristautasuna iritsi baino lehenagokoa da. Naturaren eta beronen osagai guztien erregina da. Aspaldiko euskaldunentzat jainkosa maila izango zuen.
Izen ugari hartu izan ditu, baina zaharrena Mari dela ematen du, eta, askotan, agertzen den lekuaren izena eramaten du alboan: Txindokiko Mari, Anbotoko Mari, Mari Muruko… Ez dirudi Maria kristau deituraren laburdura denik bere izena; aldiz, ematen du euskal mitologiako beste pertsonaia zahar batzuekin, Mairirekin, Maiderekin eta Maindirekin duela zerikusia.
Justiziaren jainkosa dugu Mari, zintzotasunaren defendatzaile eta injustizien aurrean zorrotz jokatzen duena. Jeinu honek gezurra, lapurreta, emandako hitza ez betetzea, pertsonenganako errespetu eza eta harrokeria arbuiatzen ditu; aldiz, besteenganako laguntasuna saritzen du. Harengan sinesten dutenei laguntza eta opariak ematen dizkie; aldiz, sinesten ez dutenak zigortu egiten ditu.
Askotan, dotore jantzitako emakume eder baten itxuran agertzen zaigu, baina beste modu askotara ere agertu izan da. Animalia itxuran, suzko igitai itxuran, haize bolada itxuran edo hodei nahiz ostadar itxuran ere azaltzen da zenbait lekutako elezaharretan.
Mari, pertsonaia mitologiko lurtarra den heinean, lur azpian bizi da, eta haitzuloetatik nahiz osinetatik kanporatzen da. Norbait Mariren bizilekura sartuz gero, zigortu egiten du; eta haren baimenarekin norbait hurbiltzen bazaio, beti hika hitz egin behar dio, ez da inoiz eseri behar haren aurrean, eta ez zaio inoiz bizkarra eman behar Mariri.
Bideoa ikusgai: https://vimeo.com/73639439
Iturria: Koldo Alijostes Bordagarai
AKERBELTZ

Gutxienez, Euskal Herriko 15 lekutan agertzen da jeinu hau. Oso ezaguna da, beraz; baina ezagunena Nafarroako Zugarramurdin aipatzen dena da.
Aker beltz baten itxurako jeinua da hau. Etxe-abereen zaindari eta sorgin nahiz aztien buruzagi azaltzen da. Ezaugarri onuragarriekin agertzen zaigu batzuetan, eta beste zenbaitetan bere alde iluna erakusten digu. Alde ona erakusten duenean zenbait jeinuren nagusia edo buruzagia da. Ahalmen horiez gain, eragin ona du bere babesera utzitako animaliengan, eta abere horiek sendatzeko gaitasuna ere badu. Badirudi jeinu honenganako sinesmena aspalditik datorrela Euskal Herrian, kristautasunaren aurretik, hain zuzen ere.
Sorginen eta aztien batzarrak zuzentzen dituenean, Aker nahiz Akerbeltz deitu, bere alde ilunarekin azaltzen zaigu. Batzar horiek akelarreak deitzen dira. Mundu guztian zabaldua dagoen euskal hitz honen jatorria Zugarramurdi herriko haitzulo sarreran dagoen zelaitxo batean dago. Bilkura haietan, Aker gurtzen zuten astelehen, asteazken eta ostiraletan, eta haren esanetara jartzen ziren.
Elezaharrek diotenez, ogia, arrautzak eta dirua eskaintzen zioten jeinuari. Jan-edanaren ondoren, txistuaren doinua lagun, Akerbeltzek dantzan jarduten zuen sorginekin. Akelarrea amaitzean, sorgin eta azti guztiak Akerren esanak betetzera joaten ziren beren bizitokietara.
Bideoa ikusgai: https://vimeo.com/73769195
Iturria: Koldo Alijostes Bordagarai
SORGINA

Beste izen batzuk ere ezagun dira Euskal Herrian, esaterako: Belagile, Sorsain.
Euskal Herriko leku askotan aipatzen da jeinu ezagun hau, Hegoaldean nahiz Iparraldean. Mariren edo Akerbeltzen esanetara dagoen emakumezko jeinu gaiztoa da Sorgin. Aparteko abileziak ditu, eta hari egozten zaizkio uztaren hondatze ezustekoak, errota eta burdinolen matxurak, gaixotasun eta heriotza misteriotsuak, itsasontzien urperatzeak, eta abarrak.
Jeinu honen eraginez, sorginduak dauden pertsonei ere sorginak deitzen zaie. Gehienetan emakumezkoak dira. Emakume horiek taldean dihardute, eta, data jakinetan, gauez ospatzen dituzten batzarretara joaten dira hegan. Gizakiaz gaindiko abilezia hori lortzeko, ukendu batez igurzten dira, esaldi hau esanez: Sasi guztien gainetik eta odei guztien azpitik. Sorginen bilkura horiei akelarreak deitzen zaie, akelarre hitza oso zabaldua dago munduan zehar eta, ziur aski, euskal hitz ezagunenetako bat izango da. Jai haietan, Jesukristo arbuiatu eta Akerbeltz gurtzen zuten, eta haien etsaiei begizkoak eta biraoak botatzen zizkieten. Sorginak animalia forma hartzen du nahi duenean; batez ere katu beltz itxura.
Nola bihurtzen da gizaki bat sorgin? Herri sinesmenak dionez, honako arrazoiak izan daitezke: eliza baten inguruan hiru buelta emateagatik, ondo bataiatua ez izateagatik, sorgin batekin harremanak izateagatik edota bere jantziak janzteagatik, berarengandik kuttun bat jasotzeagatik, edo Etsairi muxu bat eman ondoren esaera hau esatean: "por se, zalpate, fuente fa, funte fi, txiri, biri, ekatsu, ekatsu, amen".
Bideoa ikusgai: https://vimeo.com/74122368
Iturria: Koldo Alijostes Bordagarai
URTZI

Euskal mitologian Urtzi, Zerua eta Lurra bat bera ziren. Urtzi zen euskaldunen Jainko gorena, gertatutako eguraldi fenomeno bakoitza pertsonai ezberdinak eragiten zuen. Pertsonai hauek itxura ezberdinak jasaten zituzten eta naturaren eraginak beraien errua izan arren, gizakien itxura izan ohi dute.
Ortzi, trumoiaren eta ekaitzen jainkoa zen, eta jendeak gurtzen zuen. Urtzi ,Ortzi bihurtzen zen haserretzen zenean eta bere haserrea lurraren zabaltzen zen. Jendeak beldur zion eta sorginkeriak ere erabili ohi zituzten aurre egiteko.
Iparreko herrien jainko den Thor-en antza ere badu, hau ere trumoiaren jainkoa.
Odei edo ortzia izena lainoari ematen diogu, baina garai batean trumoiak, tximistak eta ekaitzak ekartzen dituen jeinuari ere honela deitzen zitzaion. Berak botatzen ditu trumoiak eta tximistak, herritarrak izutzeko eta uztak alperrik galtzeko.. Antzinako Ortzi edo Urtzi jainko zerutiarra berak ordezkatu zuen; haiek baino berriagoa da, beraz. Mariren seme gaizto bezala ere agertu izan da kontakizunetan.
Bideo ikusgai: https://vimeo.com/74129208
Iturria: Koldo Alijostes Bordagarai